Zer gertatzen da leku bat desagertzen denean?
Zer gertatzen da leku bat desagertzen denean?
Teilatuak erori egiten dira, harria estalperik gabe utziz.
Sastraka lekuaren jabe egiten da eta zeharkaezin bihurtzen du.
Pertsonak etxez aldatzen dira eta beren gauzak eramaten dituzte.
Hala ere, oroitzapenak itzuli eta oroimenaren ildoetan korapilatzen dira.
Zatoz horiek entzutera…
Eta leku hori berriz agertuko da.
Ruta de Ribera ibilbide honek Erriberagoitian ezer ez izateko zorian dauden lekuak ezagutzea proposatzen dizu. Arabako udalerri honetako herri batzuetara eramango zaitugu. Herri horiek, San Pelayo kasu, duela mende erdi eskas desagertu ziren hirigune handien garapenaren ondorioz, eta jada ez dago horien arrastorik mapetan ere. Ikusi zuk zeuk, zeure begiekin, klik eginez, ibiliko garen ez-lekuen eremua erakusten duen goiko estekan.
Jendez hustutako Araban barrena bi orduko ibilbide zirkular hau egiteko ez dago inolako ahaleginik egin beharrik. Utziozu Pobesen hartuko duzun minibusari zu eramaten eta begiratu leihotik, inguru horiek ezagutzen dituzten pertsonei entzuten diezun bitartean. Ibilbidean zehar, hainbat ahots izango dituzu bidaide, esaterako, Herminia Ruiz Anuncibay-rena, San Pelayotik bizirik dirauen azken emakumearena: bere oroitzapen eta inpresioak partekatuko dizkizu jada existitzen ez den herrira iristean.
Herri mamu horiek eta bere baitan hartzen dituen Erriberagoitia udalerria ezin hobeto ikusten dira AP68 autobidetik, baina ez diegu erreparatzen, azkar goazelako eta inolako kartelik ez digulako adierazten bertan daudela. Hala ere, litekeena da zuk zeuk inoiz Erriberagoitia zeharkatu izana, Añanako Gatz Haranera edo Valderejoko parke naturalera bidean, adibidez. Ibilbide honen xedea da, hain zuzen ere, aditzera ematea leku horiek hor daudela eta, entzuteko tarte bat hartuz gero, oraindik ere zer esan badutela ikusiko dugu.
Ibilbide hau sortzeko, pertsona askoren laguntza behar izan da, hala nola Jorge Ferreira inguruetako basozainarena, sastrakak kendu baititu harriak argitara ateratzeko, eta orainalditik oroitzapenak eta sentsazioak agerrarazteko. Txundigarria da haren lanaren emaitza ikustea.
Vanessa Sánchez, Herri Mamuen ibilbidearen bultzatzaileak, txangoa sortzeko motibazioak azaltzen ditu.
Ni neu, Vanessa Sánchez, izango naiz gidaria Idoia Zabaleta artistarekin batera sortu dudan ibilbide honetan. Erriberagoitian bizi gara biok. Erreala eta birsortutakoa denaren arteko bidaia hau baliagarria izan zaigu bizi garen lekua hobeto ezagutzeko eta ulertzeko. Gure iritziz, merezi du historia hau, Erriberagoitiko txoko ezkutuok ahotsez erretratatzen dituzten istorioekin egindakoa, partekatzea.
Erriberagoitia, ezezagun handia
Idoia Zabaleta artistak,
ibilbidea sortzeko prozesua azaltzen du.
Jorge Ferreira basozain eta proiektuaren laguna,
herri mamuetaraino bideak zabaltzen.
Babesleak